Krisi ekonomikoa edo erregimen krisia baino gehiago da hau: zibilizazio krisia da
MANIFESTUA
Europako herritarrek, orokorrean, onartzen dute gaur egungo kontsumo gizartea etorkizunerantz “hobetu” daitekeela (eta egin behar duela). Bitartean, planetako biztanleen zati eder bat gure ongizate materialen mailara iristeko zain da. Alta, produkzio eta kontsumo maila hau baliabide natural eta energetikoak ahituz lortu da, eta Lurraren ekologia orekak hautsiz.
Kontua ez da berria. Ikertzaile eta zientzialari buruargienak
alarmarako zantzu sendoak ematen ari zaizkigu XX. mendeko zazpigarren
hamarkadatik hona: orain arteko hazkunde joerekin jarraituz gero
(ekonomikoa, demografikoa, baliabideen erabilera, kutsatzaileen
ekoizpena eta desberdintasunen hazkundearekikoa) XXI. menderako ondorio
probableena zibilizazio kolapsoa da.
Hazkundearen bidea jadanik genozidioa kamera geldoan dela adierazten
duten albisteak pilatzen dira gaur. Energia merkearen eskuragarritasuna
gainbehera, aldaketa klimatikoaren eszena katastrofikoak eta
baliabideengatiko tentsio geopolitikoek erakusten dute aitzinamendurako
joera zaharrak eteten ari direla.
Erronka honen aurrean ez dira aski garapen iraunkorraren mantra
ekosmetikoak, ez eta teknologia ekoefizienteen aldeko apustu soilak ere,
edo balizko “ekonomia berde” bat, ondare naturalen eta zerbitzu
ekosistemikoen merkantilizazioa ezkutatzen dituena. Konponbide
teknologikoak, ingurumen krisiari eta gainbehera energetikoari
dagokionean, gutxiegi dira.
Gainera, krisi ekologikoa ez da gai partziala, gizartearen alde
guztiak zehazten dituena baizik: elikadura, garraioa, industria,
eraikuntza, gatazka belikoak… Finean, gure ekonomiaren eta bizitzen
oinarria da.
Harrapatuta gaude hazten ez bada ez dabilen zibilizazioan, eta hazten
bada bera posible egiten duten oinarri naturalak suntsitzen dituenean.
Gure kultura teknozale eta merkatuzaleak ahaztu egiten du gu, errotik,
ekosistemen eta elkarren dependiente garela.
Planetak ezin du gizarte produktibista eta kontsumista mantendu.
Handitzen ari den giza populazio erraldoi bati (gaur egun 7200 milioitik
gora), baliabideak urritzen ari diren planetan, bizitza duina bermatuko
dion zibilizazio berria eraiki behar dugu. Horretarako errotiko
aldaketak beharko dira bizimoduetan, produkzio moduetan, hirien
diseinuan eta lurralde antolaketan: eta batez ere aurreko guztia
gidatzen duten baloreetan. Biosferarekin oreka berreskuratzea helburu
duen gizartea behar dugu, ikerkuntza, teknologia, kultura, ekonomia eta
politika helburu horretarako erabiltzen dituena. Hori egiteko erakutsi
ditzakegun irudimen politiko, eskuzabaltasun moral eta sormen teknikoa
behar ditugu.
Baina Transformazio Handi honek bi oztopo itzel ditu: bizimodu
kapitalistaren inertzia eta talde pribilegiatuen interesak. Kaosa eta
basakeriarantz jarraitzea saihesteko, indarrean den hegemoniarekin
haustura politiko sakona behar dugu, eta biosferaren mugen barnean
gizartearen beharrizanak asetzea helburu duen ekonomia, eta ez hazkundea
eta irabazte pribatua.
Zorionez, gero eta jende gehiago ari da erreakzionatzen, eliteen
hutsak ordaindu ditzaten saiatzen direnean. Gaur egun, espainiar
Estatuan, M15ak (2011ko udaberritik) ekarri duen duintasun eta
demokrazia iratzartzea beste gizarte antolaketa batzuek posible egiten
dituen prozesu konstituziogilea mamitzen ari da.
Hala ere, ezinbestekoa da proiektu alternatiboek kontzientzia hartzea
hazkundearen mugek dakartzaten inplikazioez eta aldakuntza proposamen
askoz ere adoretsuagoak egitea. Erregimen eta ekonomia krisia, krisi
ekologikoa gainditzen bada soilik gainditu ahalko dira. Zentzu honetan,
ez dira aski kapitalismo keynesiarraren errezetak. Politika hauek,
bigarren mundu gudaren ondorengo hamarkadetan, planetaren mugen atarira
eraman gintuen hedatze zikloa ekarri zuten. Beste hedatze ziklo bat
bideraezina da: ez dago mantenduko lukeen oinarri materialik, ez eta
espazio ekologikorik edo baliabide naturalik ere.
XXI. mendea gizateriaren menderik erabakiorrena izango da. Kultura
eta gizarte guztientzako proba handia izango da, eta espeziearentzat
bere osotasunean. Gizakiok Lurrean bizitzen jarraituko dugunentz
zehaztuko duen proba izango da eta ondoren antolatuko dugun bizitza
errukitsu izateko aukera. Parean dugun transformazioaren erronka
neolitoko iraultza edo industria-iraultzaren mailako gertakari
historikoen neurrikoa da.
Adi: abagunearen atea ixten ari da. Egia da erresistentzia mugimendu
asko daudela munduan zehar ingurumen justiziaren alde (Global Witness
erakundeak ia mila anbientalista hildako erregistratu ditu azken hamar
urteetan bakarrik, meatzaritza edo petrolio erauzketa proiektuen aurka
borrokan ari zirela, haien lur eta urak babesten). Baina gehienez ere
bosturte bat dugu hazkundearen mugei buruzko eztabaida zabal eta
transbertsala sendotzeko, eta demokratikoki alternatiba ekologiko eta
energetiko zehatz eta bideragarriak eraikitzeko. Gai izan behar genuke
ekonomia, energia, gizarte eta kultura eredu aldaketa baten alde
gehiengo handiak lortzeko. Boterearen menderatzeko erabileratik eta
aberastasunen pilatzetik eratorritako bidegabekerien aurka borrokatzeaz
gain, errealitatea onartuko duen eredu batez ari gara, naturarekin
baketuko dena eta Lurraren mugen ekologikoen barnean bizi ona posible
egingo duena.
Zibilizazio bat amaitzen ari da eta beste bat eraiki behar dugu. Ezer
ez egitearen ondorioek —edo gutxiegi egitearenak— zuzenean garamatzate
gizarte, ekonomia eta ekologiaren kolapsora. Baina gaur hasiz gero,
oraindik izan gaitezke gizarte solidario eta demokratiko baten
protagonista, planetarekin bakean.
— Iberiar Penintsulako toki anitzetan, Balearretan, Kanarietan, Ceutan eta Melillan 2014ko udan
Azken Deia web orria
Manifestuaren sinatzaile batzuk:
Ada Colau, Alberto Garzón, Antonio Turiel, Antonio Valero,
Arcadi Oliveres, Belén Gopegui, Cayo Lara, Enric Duran, Esther Vivas,
Ferrán Puig Vilar, Florent Marcellesi, Joan Herrera, Joan Martínez
Alier, Joaquín Araujo, José Manuel Naredo, Juan Diego Botto, Juantxo
López de Uralde, Justa Montero, Marina Albiol, Olga Rodríguez, Pablo
Iglesias Turrión, Teresa Forcades, Teresa Rodríguez, Xosé Manuel Beiras,
Yayo Herrero…
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina