{% if isIndex %} {% endif %} DESAZKUNDEA: ETORKIZUNEAN PETROLIO MERKERIK ESKURA EZ EDUKITZEAK EZ DU ZERTAN ERAGIN ZIBILIZAZIOAREN KOLAPSOA

2014(e)ko urriaren 1(a), asteazkena

ETORKIZUNEAN PETROLIO MERKERIK ESKURA EZ EDUKITZEAK EZ DU ZERTAN ERAGIN ZIBILIZAZIOAREN KOLAPSOA




Iñaki Sainz Moncalvillo, Desazkundea kolektiboko kidea.

("Argia"-ren elkarrizketa).

Zer iritzi duzue Desazkundea kolektiboan populazioaren arazoaz?

Bistan da populazioa ezin dela etengabe hazi, mugak egon badaude. Baina badira beste krisi batzuk: sozialak, zaintzarenak, klima aldaketa, biodibertsitate galera... Ez dugu uste arazo nagusia populazioa denik, neomaltusianismoak dioen bezala. Gizateriak ingurumenean duen inpaktua neurtzeko hainbat aldagai daude; populazioa da horietako bat, baina kontuan hartu behar da, halaber, zenbat ondasun –eta zer motatakoak– kontsumitzen diren, zer hondakin sortzen den… Planetaren biokapazitateak, horrek bai, baditu mugak. Urtero baliabide kopuru jakin bat sor dezake, eta hondakin kopuru bat xurgatu.  1999tik, Lurrak birsortu ditzakeen baino baliabide gehiago ari gara kontsumitzen. Hurrengo belaunaldien kontura bizi gara.

Zer eragin du gainpopulazioak egoera horretan?

Makurra da biztanle kopurua jartzea eztabaidaren muinean, alde handia baitago batzuek eta besteek kontsumitzen duten baliabide edota energia kopuruen artean, hala nola eratzen duten hondakinenean. Ez dira gauza bera AEBetan bizi den pertsona bat eta Etiopian bizi den bat, edo AEBetako aberats bat eta pobre bat. Populazioa eztabaidaren erdigunean jartzea sinplekeria da. Guk nahi genukeena hau da: iparralde global aberatsean desazkundea izan dadila material eta energia erabilerari dagokionez, eta baliabide horien guztien bidezko banaketa egitea, Lurraren biokapazitatea gainditu gabe.

Populazioa eztabaidaren erdigunean jartzea sinplekeria da, diozu. Beraz, bada egiten duenik. Neomaltusianismoa aipatu duzu. Gaur egungo ekologismoaren adartzat jotzen dute batzuek.

Neomaltusianismoa hor dago, eta haren diskurtsoak, hein batean, mesede egiten dio botereari, benetako arazoa ezkutatzen baitu: baliabideen banaketa injustua. Azken batean, klima aldaketaren eragilea iparralde globala izan da. Inola ere ekologistatzat jo ezin daitekeen Munduko Bankuak esana da populazioaren %10ek baliabideen 60 kontsumitzen duela, eta %7k emititzen duela berotegi-efektuko gasen erdia. Oso sinplista da populazioaren aldagaiari lehentasuna ematea desberdintasun horiek kontuan izan gabe.

Agian komeniko litzateke, behin honetara iritsita, neomaltusianismoa zer den ondo esplikatzea…

Maltusianismoak zioen populazioaren hazkundea geometrikoa zela, eta elikagai kopuruarena (teknika hobetzeari esker, lur gehiago erabiltzeari esker…), berriz, aritmetikoa. Hori jasanezina denez, uneren batean kolapsoa iritsi behar zen. Teoria hori erabilia izan zen ikuspuntu eugenesiko batetik, arrazaren hobekuntza programak, antzutze teknikak eta abar justifikatzeko…



... alabaina, Malthusen teoriak defendatzeko gaitzak dira gaur egun. Pentsatzen dut neomaltusianismoa beste zerbait izango dela…

Jakina, ez da gauza bera. Kontua da neomaltusianismoa oso katastrofista dela, populazioa derrigorrez gutxitu beharko dela dioenean. Arazo nagusitzat daukate nire iritziz arazoa ere ez dena. 2006an, oker ez banago, FAOk aurreikusi zuen 2012an 12.000 milioi pertsonari jaten emateko adina elikagai ekoitziko zela munduan. Garai hartan, 6.000 milioi biztanle inguru zeukan Lurrak. Banaketa da arazoa; banaketa, eta ekoizpen eta kontsumo eredua. Elikagai mordo bat alferrik galtzen da [ikus Saihestu ditzakegun zifra beldurgarriak  erreportajea, Argiaren 2.311. zenbakian]; Europan, erdia. Elikagai-kate handiek baztertu egiten dute itxura desiragarria ez daukaten jakiak, zati handi bat gehiegi erosteagatik botatzen da…

LARRUN honetan bertan irakur daitekeen Gu, zabor-jaleok artikuluaren tesi nagusia da 2.000 milioi biztanletik 7.000 milioira igaro garela, hain zuzen, energia fosil merke eta ugaria eskura izan dugunean. Energia horri esker sortu dira populazioa hainbeste handitzea ahalbidetu duten baldintzak; ondorioz, berau agortzean biztanle kopuruak behera egingo du. Zer deritzozu?

Irakurri dut testu hori –bide batez esan dezadan ez dudala neomaltusianismoan bete-betean kokatzen, puntu amankomunak izan arren–, eta ados nago dioen gauza batekin: modu berriztagarrian jasotzen dugun energia iturri bakarra eguzki-erradiazioa da. Hortik abiatuta artikuluak dio espezie bat pilatutako erradiazio hori –hau da, energia fosila– erabiltzen hasten denean bere populazioa esponentzialki hazten dela, eta baliabide fosil horiek urritzen hastean eta energia berriztagarria besterik ez dagoenean eskueran, kolapsatu egiten dela. Tira, hori hala izan daiteke inurrien kasuan, esate baterako, baina uste dut giza espeziearen kasuan beste aldagai batzuk hartu behar direla kontuan: adibidez, gai garela erabakitzeko zer bizi-maila nahi dugun eta zer baldintza (material, energetiko…) bete behar dugun maila hori erdiesteko. Horrek eskatzen du oinarrizko premiak zeintzuk diren erabakitzea, eta horietako zeintzuk ase daitezkeen gizateria osoarentzat. Aldi berean, definitu beharko da zein behar ez den oinarrizkoa, eta moralki ezarri beharko da ez dela zilegi nahi bat asetzen saiatzea horretarako beharrezkoa bada beste norbaitek oinarrizko bizi-mailara ezin iristea. Alegia, oinarrizko beharren eta desioen arteko bereizketa egin behar da.

Aipatu dituzun aldaketa horiek –ez dakit noraino diren utopikoak– lortuta, demografiak arazo izateari utziko lioke?

Populazioaren muga zein den planteatu beharko litzateke agian, baina edozein kasutan planteamendu demokratikoa litzateke. Bestalde, lanaren bestelako banaketa egin behar litzateke, eskulan gehiago beharko baita orain makinek egiten dituzten zenbait gauza egiteko. Historian zehar, jendartea gero eta konplexuago bihurtu izan da; konplexutasun hori gutxitu beharko litzateke, gaur egungo espezializazio izugarria alboratuz, eta gehienok egiten ez dakizkigun oinarrizko zenbait gauza egiten ikasiz –elikagai bat landatzen, esaterako–, eta hori oso zaila da. Utopia? Baliteke. Arazoa da errealitatea distopia izan daitekeela.

Norbait saiatu da kalkulatzen zenbateko populaziora hel gintezken baldintza horietan?

Lehen esan dudanez, elikadurari dagokionez behintzat FAOk iragarria du 12.000 milioirentzako beste jaki. Baina aurretik beste gauza batez hitz egin beharko litzateke: egia da korrelazioa dagoela energia fosila ugaritzearen eta populazioa haztearen artean, baina korrelazioak ez du berez kausalitatea adierazten. Katastrofista samarra iruditzen zait mezua bi aldagai horien arabera eraikitzea. Gaur egungo bizi-mailari eusteko populazioa heren batera jaistea, edo populazioa mantentzeko gure bizi-maila jaistea Erdialdeko Amerikako ez dakit zein herrialdetakoarekin parekatu arte... Zientifikoki ez da oso zuzena. Aldagai moduan proposatzen den kontsumo-mailak ez du neurtzen bizi-maila; BPGk ez du neurtzen bizi-maila. Behin baliabide material nahikoak ziurtatuta, BPGren hazkundeak ez du lotura zuzenik zoriontasuna edo asebetetzea handitzearekin. Manfred Max-Neef txiletar ekonomialariak dioenez, behar batzuk unibertsalak dira, baina horiek asetzea ahalbidetzen duten faktoreak ez dira unibertsalak, kulturalak, teknologikoak… baizik. Beharrak dira elikadura, bizitzeko tokia, berotasuna… baina baita ere parte hartzea, askatasuna, maitasuna, zerbitzu publikoak, hezkuntza… Batzuek ez dute behar energia gastu handirik. Aldiz, telefono mugikorra edota ordenagailua izateak, abioian ibiltzeak... badute. Eztabaidatu beharko da, orduan, bizi-maila duina zer ote den.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina